Kargatzen...
2020-10-21 Juani Lizaso

Eraldaketa digitala edo digitalizazio prozesu baterako oinarriak

Ez dut gauza originalik esaten 2020. urte hau berezia izaten ari dela badiot. Baina denontzat ezagunak diren arrazoiengatik harago, IZTko kideontzat urte berezia da aurtengoa. 15 urte bete dira gure ibilbidea hasi genuenetik. Horrelako kooperatiba bat eraiki duen edonork badaki zenbat lan egin behar den proiektua bideragarria dela frogatzen duzun arte.

15. urteurren hau, plan estrategikoa egiteko baliatu dugu. Egin dugunetik ikasi eta noruntz jo nahi dugun aztertu dugu. Ariketa sakona eta emankorra izan da. Arlo publikoari begira, bere ondorioak izan dituen hausnarketa izan da. Gure irudia berritzeaz gain, gure bidelagun eta kideekin hausnarketak eta ideiak elkarbanatzearen garrantziaz ohartuta, blog hau martxan jartzea erabaki dugu, besteak beste.

Blog hau, gure jardunaren izatearekin zerikusia duten gaiekin osatuko dugu. Hasieratik gure bezeroen bidelagun izan gara, eta hauen eraldaketa digitalean zein haien esperientzia teknologikoa eraginkorra izateko eguneroko ariketan dihardugu. Eta espero dugu blog honen bidez ere zeregin horretan laguntzea; hausnarketa, eztabaida eta edukien partekatzetik ere gure ekarpena egin dezakegula uste baitugu.

Baina zer esan nahi dugu gure bezeroen eraldaketa digitalean bidelagun garela eta izan nahi dugula diogunean? Zer ulertzen dugu Eraldaketa digitalaz?

Azken astean, Ataria eta Aiurrin eraldaketa digitalaz hitz egiteko aukera eman digute. Hemendik eman diguten aukera hori eskertzeaz gain, elkarrizketa horietan esandakoa garatzeko edo sakontzeko aukera baliatu nahi dut.

Askotan entzun dugu informazioaren gizartean bizi garela, eta egia da, etengabe, modu anitzetan, bide desberdinetatik informazioa sortzen, kudeatzen eta erabiltzen ari garela. Enpresa arloan zentratuz gero, informazioa baliorik garrantzitsuena dela esan daiteke, pertsonekin batera noski. Informazioaren ustiaketa egoki batek abantaila eskaini dezake merkatu batean lehiatzeko, talentua eskuratzeko, erabaki egokiak hartzeko, finean norabidea aukeratu eta etengabe hobetzeko.

Eta garbi izan behar dugu edozein jarduera eta tamainako antolakundek sortzen dutela informazioa, enpresa txikia izan edo handia, batzuk gehiago eta besteak gutxiago, baina denek dute negozioarentzat edo funtzionamendurako ezinbestekoa den informazio jakin bat: bezeroen datuak, eskaerak, hornitzaileen datuak, diru transakzioak, pasahitzak...

"Bada horrela ulertzen dugu guk eraldaketa digitala, informazio ahalik eta gehien, modurik ahalik eta eraginkorrenean prozesatu eta erabiltzeko gaitasuna eskuratzean"

Argi dugu antolakunde bakoitzak bere bide propioa egin behar duela, izan ere eraldaketa digitalaren atal garrantzitsueneko bat enpresaren barne prozesuen digitalizazioa da. Halere eraldaketa digitalaren oinarri orokorrak aipa genitzake:

  • Informazioa edonon, edonoiz, behar duenarentzat: informazioa sortu eta eskuratzeko aukeraz gain lankide, bezero eta kolaboratzaileekin online partekatzeaz ere ari gara.
  • Bestetik barne prozesuen digitalizazioa dago, lankideekin, bezeroekin, hornitzaileekin, merkatuarekin berarekin erlazionatu eta elkar-harremantzeko azkartasuna, gardentasuna, interakzioa bermatu behar dira.
  • Eta azkenik, informazioari eta datuei orokorrean negozioaren inteligentzia erantsi behar zaie: sortu eta eskuratzen den informazioa negozioaren norabidearekin lerratu eta abantailak lortzeko baliatu behar delako.

"Adibide zehatzen bidez sakondu dezakegu; telelana edo egun enpresak eta bezeroak harremantzeko dauden behar eta joera ezberdinetaz. Baina gai hauek post berrietan lantzeko utziko ditugu"

Eraldaketa digital egoki baterako kontutan hartu beharreko beste irizpide batzuk aipatuko ditut jarraian:

  • Digitalizazio prozesu batek informazioari, datuei, inteligentzia erantsi behar dio, estrategia digital egoki baten bidez jatorri anitzetatik jasotako informazioa egituratu eta aztertzeko aukera eskainiz. Horrela, hein handi batean, negozioaren logika jasotzen duten prozesuak software edo aplikazio bidez datu bihurtzeko aukera eskaintzen du eta analisirako aukerak asko azkartzen ditu zeregin ugari automatizatuz.
  • Digitalizazio estrategia egoki batek interes taldeekin informazioa partekatzeko esperientzia egoki bat bermatu behar du. Eta horretarako bi dira gako nagusiak: abiadura eta informazioaren erabilgarritasuna. Hau da, beharrezko informazio guztia momentuan eta online.
  • Digitalizazioak kontuan izan behar du, halaber, informazioa sortu eta kontsumitzeko zein negozioaren logika ahalbidetzen duten aplikazioak kudeatzeko gailuak anitzak izan daitezkeela, eta gailu hauen gehiengoak mugikortasuna eskaintzen dutela.
  • Internet, cloud zerbitzuak edo lainoa. Baina zer da lainoa? Bistakoa da internet dela informazioaren eta digitalizazioaren aroa ekarri duena. Internet konexioen abiadura eta honen hedadura handitu ahala informazioa sortu, biltegiratu eta kudeatzeko ahalmena biderkatuz doa. Duela urte gutxi posible ez zena gaur egun arrunta da. Bada lainoa internet bidez konektatutako informazio guneak (data center) dira. Interneteko laino, edo sare, osoa munduko informazio gune guztiek osatuko lukete baina horren barruan milioika laino txikiago daude, publiko zein pribatuak, tamaina desberdinekoak (batzuk ordenagailu bakarrekoak), zeregin eta konfigurazio anitzekoak eta aukera mugagabeak eskaintzen dutenak. Laburbilduz, laino nagusia ezagutu eta ulertzen oso zaila izanik ere enpresa bakoitzak bere laino txiki propioa izan dezake bere informazioa eta negozioaren logika online eskuragarri izateko, hau da, intranet bat enpresaren lainoa izango litzateke.

Azalpen hauen harira esan genezake ez dagoela digitalizaziorik enpresaren informazioa eta negozioaren logika online, lainoan, eskuragarri eta antolakundearen interes taldeekin modu anitzetan konektatu gabe.

Eraldaketa digitalaren helburu nagusia, finean, enpresaren jarduera eraginkorrago bihurtzea da, bide batez antolakundearen interes taldeen esperientzia hobetuz. Horretara datoz aurreko puntuetan aipatutako ideia guztiak.

Digitalizazioak aukera handiak eskaintzen ditu baina arrisku berriak ere sortzen ditu eta hauen kudeaketa ere arrakastarako gakoetako bat da. Izan ere informazioa eta negozio logika online eskuragarri egon behar duenez ezinbestekoa da konfidentzialtasuna eta eskuragarritasuna bermatzea. Beraz, digitalizazio estrategia batek mehatxuak identifikatu, arriskuak kudeatu eta segurtasun plan bat sortu behar du ezinbestean. Baina gai hau ere, beste post batzuetarako utziko dugu.