Kargatzen...
2021-09-16 Juani Lizaso

GOOGLE EZ DA LIBREA, EZ DA IREKIA, EZ DA DOAN

Duela egun batzuk lagun irakasle batekin hizketan Google Gsuit-Microsoft Office 365 eztabaida atera zen. Nonbait Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik Office 365 aplikazioak erabiltzea bultzatzen ari omen da. Eta kexu zen lagun irakaslea, bera software librearen aldekoa omen delako Googleeko Gsuite erabili beharko litzatekeela esaten zuen, haserre bizian. Saiatu nintzen azaltzen Google Microsoft bezain pribatua dela baina harridura eta deserosotasuna soilik sortaraztea lortu nuen, informatikoen frikikeriak bailira.

Pasarte honek zer pentsatua eman zidan. Badirudi Googleeko hainbat zerbitzu (gmail, drive...) ez kobratzeak, bereziki hezkuntza arloan, libreak direnaren sentsazio okerra iltzatu duela erabiltzaile askoren pentsamenduan. Bada Google ez da librea, bere kodea ez da publikoa, algoritmoak erabat sekretuak dira eta jakina da Googleek bere tresnen milioika erabiltzaileen jarduera-perfilak osatzen dituela, hauek modu batean edo bestean merkatuan saltzeko.

Sarean informazio ugari dago honen inguruan, hona adibide pare bat:
https://www.kamaltec.com/que-hace-google-con-nuestros-datos/
https://www.revistagq.com/noticias/tecnologia/articulos/google-datos-localizacion-movil/27912

Edonola, hezkuntzara bueltatuz, bereziki kezkagarria da Googleek irakaskuntzan lortu duen penetrazio-maila ikustea. Haurrei oso umetatik Google kontu bat eman eta lan egiteko Google ingurunean murgiltzen dituzte, ia erabat. Are gehiago azken urteetan ikastetxe askotan “inposatzen” ari diren Chromebook ordenagailuen erabilera orokortzean. Izan ere ordenagailu hauek Googleen sistema eragilea dute eta bere tresna propioez gain apenas uzten duten beste ezer instalatzen. Honekin zirkulua ixtea lortzen ari dira: Googleen tresnak, Googleen sistema eragilea duten ordenagailuak, Googlen informazio biltegiak, komunikazio bideak...

Eta zer? Non dago arazoa? Bada bere konplexutasunean erraza da ulertzen. Haurrak eta gazteak oso txikitatik (geroz eta gehiago) Google-dependienteak sortzen ari gara. Eta horren ondorioz beraien jarduera-digitalaren parte oso garrantzitsu bat Google-ei oparitzen ari gara. Imajina dezagun gure haur eta gazteak zelatzen ditugula 8-10 urte dituztenetik, egunero egiten dutena apuntatuz, mugimenduak mapa batean marraztuz, bisitatzen dituzten web orrien trazabilitatea eginez... Eta gero datu guzti horiek soziologo bati ematen dizkiogula ondorioak atera ditzan. Hori egiten du Googlek baina dimentsio pentsaezin batean.

Honi buruz ere informazio ugari aurki genezake. Azpimarragarriak dira Hezkuntzan Librezale Euskal Herrian eta XNET Katalunian.

Eta zein da alternatiba? Bada alternatibak badaude, batzuk konplexuagoak eta beste batzuk errazagoak. Egitasmo eta esperientzi ugari dago Euskal Herrian eta munduan. Baina bistakoa da tamaina honetako erronka bati heltzeko komeni dela Herri gisako plangintza bat egitea, diziplinartekoa eta epe ertain-luzekoa. Honi buruz aritzeko ni baino askoz pertsona eta profesional egokiagoak daude baina, nire ustez, gutxienez, bi helburu lortu beharko lirateke: ikastetxetan ematen den formazio digitalean gaurko gizartean dauden behar, kezka eta arriskuak lantzea (segurtasuna, pribatutasuna, software libre, menpekotasunak...) batetik eta Googleko zein teknologika erraldoien menpekotasuna ahal den gehien gutxitzea, gure tresna eta datuen kudeaketa propioa eraikiz.

Nire lagun irakasleari ez zitzaion asko interesatu izandako elkarrizketa baina asko dute eta dugu pentsatzeko, lantzeko eta egiteko.