Gaur egun, gauza guztiak berehalakoak izan behar dute. 12 urteko ume batek mugikorreko bideo-joko batean sartzerakoan; edota administrazioko langile batek bere datu-basean sartzeko 10 segundo baino gehiago itxaron behar dituenean, arazo bat sortzen da. Umearen kasuan, litekeena da mugikorrari kolpeka hastea edo jokoa kentzeko gogoa izatea. Administrazioko langileak berriz, informatika arduradunari esango dio ekipoa mantso dabilela, nahiz eta ordenagailua berria izan.
Pazientzia digitala galdu al dugu?
2000ko hamarkadan, ordenagailuen erabilera mundu mailan zabaltzen hasi zenean, gaur egungoak baino askoz ere motelagoak eta zaratatsuagoak ziren. Hala ere, erabiltzaileek lasai itxaroten zuten ordenagailua pizten edo programa martxan jartzen ari zen bitartean. Esaldi ohikoak honakoak ziren: “Ordenagailua pizten utzi dut; bitartean, kafetxo bat hartzera noa” edo “Mezu hau bidali dut; ea noiz jasotzen duen…” Horrelako egoerak eguneroko bizimoduaren parte ziren, eta erabiltzaileek onartzen zuten horrela zela, eta horrekin lan egiteko prest zeuden.
Gaur egun, halakorik ikustea zaila da. Zergatia? Faktore askok eragin dute: hardware eta software gero eta azkarragoak, internet konexio bizkorragoak… Horrek guztiak aukera eman digu gauzak azkarrago egiteko eta gure beharrak berehalakoan asetzeko. Ondorioz, batzuetan “presaka” bizitzen garela esan daiteke; edozein moteltasun nabaritzen dugunean kexatzen baikara.
Baina egoera hau ez da informatika arlora mugatzen soilik. Adibidez, lehen A herritik B herrira autoz joateko 40 minutu behar izaten genituen herriko bidea erabilita. Gaur egun, autobidea hartuta, 25 minututan iristen gara. Hala ere, trafiko handia dagoenean eta ibilbideak 28 minutu irauten baditu, haserretu egiten gara.
Teknologiaren aurrerapenek gure eguneroko bizimodua erraztu dute, baina, aldi berean, gure pazientzia murriztu ere bai. Azkartasuna estandar bihurtu da, eta edozein atzerapen “akats” gisa bizitzen dugu. Denak berehala funtzionatzea espero dugu: aplikazioak, webguneak, trafikoa, zerbitzuak…
Baina hausnartzea komeni da: egiazko arazoa teknologiaren errendimendua da?, edo guk garatu dugun tolerantzia falta? Baliteke abiadura faktoreari gehiegizko garrantzia ematea, eta ondorioz, eguneroko egoeretan gehiegizko estresa sortzea. Beharbada, berriz ikasi behar dugu itxaroten. Eta ulertzen, moteltasuna ez dela beti porrota.
Lotura interesgarriak: