Loading...
2022-10-20

Digilagun egitasmoa martxan jarri dugu.

2021. urtean zehar Erakide tresna erabilita gure kooperatibaren erantzukidetasun soziala neurtzeko prozesua eraman genuen aurrera. Emun eta Aztikerreko kideen laguntzaz eginiko prozesua izan zen.

3 saio ezberdinetan, inoiz gure buruari egin gabeko galderak egin genizkion, eta horrela modu objektiboan neurtu ahal izan genuen arlo sozialeko esparru ezberdinetan gure egoera zein den; gardentasuna, partehartzea, ingurumenarekiko errespetua, berdintasun politikak, gure hornitzaileen balore etikoak… galdera asko, eztabaida interesgarriak gure artean, ondorioen zerrenda luzea eta galtzak bete-lan.

Eremu guztietan dugu zer hobetu eta zer egin. Baina bidea oinez egiten da, eta gure kooperatibaren sorreratik egin dugun bezala, urtez-urte gure erantzukidetasun sozialean hobetzeko neurriak hartzen joan gara. Une honetan ere horretan ari gara, 2022-2026 plan estrategikoaren prozesuan murgilduta gaude, gure I. berdintasun plana egiten ari gara eta oraintxe bertan Digilagun programa martxan jarri dugu.

Digilagun egitasmoaren helburuak bi dira; batetik aztarna ekologikoa gutxitzeko helburuarekin ordenagailuen bizitza luzatzea, eta bestetik gizartean gero eta handiagoa den arrakala digitala gutxitzeko gure ekarpena egitea. Horretarako, gure bezeroak erabilera profesionalerako baztertzen dituzten ordenagailuak hartu, garbitu eta erabilera pertsonal egoki baterako prestatzen ditugu. Gizarte eragile ezberdinen laguntzaren bidez, ordenagailu hauek beharra duten pertsonen eskuetan jarriko ditugu.

Hasi besterik ez gara egin, baina ilusioz ekin diogu lanari. Ekimen hau gure kooperatibako kideen lan boluntarioarekin aterako dugu aurrera. Eta noski, irabazi asmorik gabeko ekimena izateaz gain, ez du inolako kosterik izango hartzaileentzat.

Egitasmoan lagundu nahi baduzu jarri gurekin harremanetan info@izt.eus helbidera idatziz. Etorkizun justuago baten bila auzolanaren bidez!

Zerrendatu guztiak