Teknologia berrien garapenak ez du etenik. Ez da denbora asko adimen artifiziala guztion eskura ipini dutenetik eta honek iraultza txiki baten moduko eragina izan du, eta izaten ari da, ia guztiongan. Gartner enpresa- talde estatubatuarrak, aholkularitza eta informazioaren teknologien ikerketan aritzen denak, argitara eman berri dituen aurreikuspen estrategikoen artean teknologia berri honi erreferentzia egiten dion puntu bat aurkitzen da: adimen artifiziala martxan edukitzeak suposatzen duen kostu energetikoa zenbatekoa den hain zuzen ere. Txostenean diotenez, sareko "hodeian" edukiak izateko aukerek, kriptotxanponek edo adimen artifizialeko aplikazioek ingurugiroari egiten dieten eragina uste duguna baino handiagoa da, izugarrizko energia kantitatea behar baita zerbitzu guzti hauek martxan izateko. Eta noski, energia guzti honen zati ia osoa erregai fosiletatik eratortzen da.
Baina bada kezkatzeko moduko beste aurreikuspen bat ere: 2025. urterako mundu osoko erakundeen %45ak ziber-eraso bat jasango duela baieztatzen baitu Gartnerren aurreikuspenak. Kopuru beldurgarria inolako zalantzarik gabe. Kontuan hartzen badugu pasahitzak asmatzeko behar den denbora geroz eta murritzagoa dela (ikus aurreko artikulua), jendarte ia osoan ziber-segurtasunaren inguruan dagoen ezezagutza edo kontzientzia falta eta sareko zerbitzuen erabileraren gorakada, ziber-erasoak jasan eta gure datuak galtzeko arriskua esponentzialki igotzen ari da.
Enpresa pribatuen sare sozial digitalei buruzko aurreikuspen deigarri bat ere egitera ausartzen dira Gartnerreko analistak. Ezin dugu ahaztu datuak, gure datu pertsonalak, saldu eta erostea dela sare sozialak doakoak izatearen arrazoia eta datuokin egiten den erabilerak gero eta eragin gehiago duela jendarteko arlo ezberdinetan, politikatik hasi eta harreman pertsonaletaraino. Bada, 2027. urterako enpresen sare sozialak gure kartera edo diruzorroa bezalako funtzioak izango dituela diote aztertzaile amerikarrek. Alde batetik identifikatzea erraztuko omen dute, gure kredentzialak behin bakarrik sartuz aplikazio edo sare sozial ezberdin guztietara sarrera emango zaigularik (identifikadore biometrikoak edo faktore bikoitzeko autentifikazio sistemak soilik erabiliz, orain arte erabili izan dugun pasahitza beharrean). Eta bestetik salerosketak egitea ahalbideratuko dute aplikazio edo sare mota ezberdinen artean.
Zentzu beretsuan argitaratu du NSA agentzia estatu batuarrak segurtasun digitalari buruzko aholkuen txostena. NSA ezagun egin zen, batez ere, Snowdenek argitara eman zituen datuei esker, zeinek frogatu zuen segurtasun agentzia honek mundu mailako espioitza sistema erabiltzen duen uneoro gu zelatatzeko. Paradoxikoa izan daiteke zelatariak ez zelatatzeko aholkuak ematea, baina inork ezingo du ukatu gaiari buruz zerbait badakitela.
NSAk ematen dituen aholkuak norbanakoei zuzenduak daude, gure egunerokoan erabiltzen ditugun gailu eta hauek erabiltzeko ditugun ohituri egiten die erreferentzia. Esaterako gure etxeko wifi sareari gutxienez 20 karaktereko pasahitz bat jartzea edo interneteko routerra astean behin berrabiaraztea bezalako aholkuak ematen ditu NSAk. Baina haratago ere badoa; erabiltzen ari ez garenean webcama tapatu edo mikrofonoa itzaltzea gomendatzen du (telefonoen inguruan ez du ezer esaten, eta ez da izango arriskurik ez dagoelako). Erabiltzen ditugun sistemak eguneratuak izatea ezinbestekotzat jotzen dute eta baita gure datuen kopiak kanpo diskoetan izatea ere (internetetik deskonektatutako diskoetan).
Ikusten den bezala etorkizuna arrisku eta erronkez beterik dator. Hurrengo atalean NSAk emandako aholku gehiago eta aurreikuspen deigarri batzuk ere aztertuko ditugu, guztion artean gure egunerokoa seguruagoa izan dadin.