Kaixo berriro ere! Badakigu zein garrantzitsua den interneten seguru ibiltzea, eta horregatik aurreko artikulu batean webgune edo zerbitzu bakoitzean pasahitz ezberdin bat erabiltzeaz hitz egin genuen. Orain, pentsa ezazu, nola gogoratu pasahitz pila hori guztia? Bada, horretarako dira pasahitz kudeatzaileak, zure bizitza errazteko eta segurtasuna areagotzeko tresna bikainak.
Zer dira pasahitz kudeatzaileak eta zertarako balio dute?
Pasahitz kudeatzaile bat zure pasahitz guztien altxor kutxa digital bat bezalakoa da, baina askoz seguruagoa. Bertan, zure webgune eta zerbitzu guztietako erabiltzaile-izen eta pasahitzak gordetzen dituzu modu zifratuan, eta zuk gogoratu behar duzun bakarra, pasahitz kudeatzailean sartzeko pasahitz nagusi bat da.
Tresna hauei esker, ez duzu gune bakoitzeko pasahitz konplexu bat buruz ikasi beharrik izango. Gainera, funtzio oso baliagarriak dituzte, hala nola:
- Pasahitz sendoak sortzea: Pasahitz kudeatzaile gehienek pasahitz oso sendoak eta bakarrak sortzeko aukera eskaintzen dizute, zuk buruko minik izan gabe.
- Autobetea eta phishing-aren aurkako babesa: Webguneetan sartzean, pasahitz kudeatzaileak automatikoki bete diezazuke erabiltzaile-izena eta pasahitza, zuk idatzi beharrik gabe. Horrez gain, phishing-aren aurkako babes gehigarri bat ere bada. Nola? Pasahitz kudeatzaileek ez dituztelako pasahitzak automatikoki beteko antzeko izena duten edo iruzurrezkoak diren webguneetan, benetako webgunea dela ziurtatzen baitute. Hau denbora aurrezteko eta iruzurrak saihesteko modu bikaina da!
- Pasahitzak modu seguruan gordetzea: Zure pasahitzak modu zifratuan gordetzen dira, beraz, datu-basea lapurtuz gero ere, ezinezkoa izango litzateke pasahitzak eskuratzea.
Nola aukeratu pasahitz kudeatzaile bat?
Pasahitz kudeatzaile bat aukeratzerakoan, kontuan hartu beharreko hainbat irizpide daude, zure beharretara ondoen egokitzen dena aurkitzeko:
- Plataforma aniztasuna: Gure egunerokoan hainbat gailu erabiltzen ditugu (ordenagailuak, telefono mugikorrak, tabletak...). Hori dela eta, funtsezkoa da aukeratzen duzun pasahitz kudeatzailea plataforma ezberdinetan eta sistema eragileekin bateragarria izatea. Hau da, bai Windows, macOS edo Linux ordenagailuetan, bai Android edo iOS telefonoetan erabili ahal izatea.
- Sinkronizazioa gailu ezberdinen artean: Pasahitz kudeatzaile on batek gailu guztien artean zure pasahitzak sinkronizatuta mantentzeko aukera eskaini beharko luke. Horrela, ordenagailuan gordetako pasahitz bat berehala izango duzu eskuragarri telefonoan, eta alderantziz. Hau funtsezkoa da erosotasunerako eta koherentziarako, ez baitugu nahi pasahitz bakoitza gailu bakoitzean eskuz sartzen ibili behar izatea.
- Erabilera erraztasuna: Interfaze argia eta erabilerraza izatea garrantzitsua da, batez ere teknologian aditua ez bazara.
- Segurtasuna: Hau da gakoa. Ziurtatu aukeratzen duzun kudeatzaileak zifratze maila altua eta frogatua duela. Horrez gain, bi faktoreko autentifikazioa (2FA) eskaintzen badu, are hobeto.
- Prezioa: Doako aukerak badaude ere, ordainpeko bertsioek funtzionalitate gehigarriak eta laguntza tekniko hobea eskaini ditzakete. Baloratu ea merezi duen inbertitzea zure lasaitasunaren truke.
- Iritziak eta ospea: Ikertu beste erabiltzaile batzuen iritziak eta bilatu komunitatean ospe ona duten kudeatzaileak.
IZTren gomendioa
IZTtik bi aukera ezberdin proposatu nahi dizkizuegu, zuen beharren arabera.
- Enpresentzat: Passbolt
Enpresa ingurunean lan egiten duzuenontzat, Passbolt gomendatzen dugu. Tresna honek pasahitzak langileen artean modu seguruan partekatzeko aukera ematen du, oso funtzionalitate baliotsua taldean lan egiteko. Gainera, baimenak taldeka kudeatu daitezke, kudeaketa erraztuz eta segurtasuna areagotuz. - Erabilpen pertsonalerako: BitWarden
Erabilpen pertsonalerako, berriz, BitWarden programa da gure apustua. Aurretik aipatu ditugun irizpide guztiak bikain betetzen ditu: plataforma aniztasuna, gailu ezberdinen arteko sinkronizazioa, erabilera erraztasuna eta segurtasun maila altua. Gainera, bertsio libre eta doakoa eskaintzen du, erabiltzaile gehienentzako nahikoa funtzionalitate eskainiz.
Pasahitz kudeatzaile bat erabiltzen hastea pauso handi bat da zure segurtasun digitala hobetzeko. Ez izan zalantzarik eta hasi probak egiten. Zure pasahitz guztiak modu eroso eta seguru batean gordetzeko irtenbidea da!
Lotura interesgarriak: