Loading...
2022-10-14

PLAN BAT BEHAR DUGU

 

Askorentzat amaitu da, eta beste askorentzat amaitzear da beste ikasturte bat. Asko dira azken urte luze honetatik atera behar ditugun irakaspenak, guk gure eremuari begiratzen diogu, eta arretaz jarraitzen dugu azken urtetik hona eraldaketa digitalaren premiaz hitz egiten ari den eztabaida publikoa.

Pandemian antzeman diren gabeziak, Next Generation fondoen erabilera, erakunde publikoen ezintasunak… ugariak dira eztabaida honen erpinak, baina finean, konponbiderako abiapuntua antolakunde bakoitzak jarri behar du. Non gauden eta nora jo nahi dugun identifikatuz.

Horretarako tresna oso interesagarri bat plan estrategiko digitala da. Antolakundearen muga digitalak agerian geratu diren honetan perspektiba eman eta lehiakortasunerako abantailak identifikatzen lagun gaitzakeelako.

Horrelako plan batek antolakundearen dimentsioen araberako egitura bat izan beharko du baina ezinbestean helburu hauek bete beharko ditu:

  •     Informazio Sistemaren diagnostikoa. (informazio sistemak, segurtasun kopien sistema, kontingentzia planen egoera...)
  •     Gure lan tresnen egoera (intranetak, kudeaketa aplikazioak, bezeroekin harremanetarako tresnak, webguneak eta aplikazioak…)
  •     Etorkizuneko helburuen eta erronken zehaztapena.

Noski, antolakunde guztiek ez dute horrelako plan sakon bat egiteko nahikoa baliabide ekonomikorik. Horrelakoetan, antolakunde barruan detektatu diren gabeziak konponbidean jartzea ere bada aukera on bat. Askotariko beharrak daude, guk azken urtean gehien ikusi ditugun bi ekarri nahi ditugu hona:

Telelana: Azken urtean gehien erabili den kontzeptuetako bat ziurrenik ere. Askotan esan badugu ere, errepikatu beharrean gaude. Telelana ez da (edo ez luke izan behar behintzat) etxetik lan egitea. Gure ustez telelana, lantokitik kanpo lantokian egongo bagina bezala lan egiteko aukera izatea da. Eta hori posible izan dadin, hainbat neurri hartu behar dira antolakundean:

  •     Urrunetik antolakundeko informazio eta zerbitzuetara atzitzeko hautatu behar da: VPN, Terminal Server, edo bestelako aplikazioak… norberaren beharrak zeintzuk diren ondo aztertu eta hobekien egokitzen denaren aldeko hautua egin behar da.
  •     Dokumentuak lainoan kudeatu eta partekatzeko aukera izatea ezinbestekoa da ere. Guk segurtasuna eta pribatutasunaren eremuan bermeak ematen dituzten tresnen alde egitea aholkatzen dugu, Alfresco eta Nextcloud adibidez.

Webgune eta web aplikazio eraginkorrak: Webguneak ez dira soilik erakusleihoak, gero eta garrantzitsuagoak dira hauen funtzionalitatea negozioen garapenean. Antolakundeen informazioaz gain, zerbitzua emateko erabiltzen dira gero eta gehiagotan: bezeroekin harremantzeko, barne prozesuak eraginkortzeko, informazioa partekatzeko...

Webgune hauek eguneratuak izatea ezinbestekoa da. Unean uneko exigentzia teknologikoa bermatu behar da. Eta aukera badago beharren araberako funtzionalitate berriak txertatzen asmatzean dago gakoa.

Honekin, gure beharren araberako web aplikazioak edukitzea gero eta garrantzitsuagoa da. Eredu presentziala osagarritu edo ordezkatu ahal izango duten aplikazioak (denda, izen emateak…) inplementatu dituenak bidearen parte bat egina du.

Hauek hona ekarri nahi nuen hausnarketa. Eraldaketa digitalaren beharra bertan da, makro eztabaidak nagusituko dira datozen hilabeteetan, baina norberak dituen beharren arabera bidea egitean egongo da gakoa.

 

Zerrendatu guztiak